Dagoeneko badago festa giroa Arrosadiako auzo iruindarrean, baina, gaur, 20:00etan jaurtiko dute jaiei hasiera ofiziala emango dien suziria. Hala ere, atzo, txosnak ireki zituzten, eta rock kontzertuak izan ziren. Gaurko egitaraua zabalagoa da, eta herri afaria ere izango da. Jaiak Jai Batzordeak antolatu ditu, Koordinatzaile Kulturalarekin batera. Jai Batzordea talde ugarik eta era askotakoak osatzen dute, horien artean daude: AEK, Zabaldi Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, San Fermin Peña, Emakumezkoen Taldea eta Gazte Asanblada. San Fermin Peña da Arrosadia auzoan elkarterik esanguratsuenetako bat. 1979. urtean sortu zen, eta aurten 30 urte beteko ditu. 300 lagun inguru ditu peñak, eta horietako guztiak jatorriz Arrosadiakoak dira.
San Fermin Peñak aipatutako gainontzeko elkarte eta taldeekin batera auzoko jaiak antolatzen lagundu izan du. Peñako kide batzuk adierazi dutenez, urtarrilaren bukaeran hasi ziren festak prestatzen. Laguntza ekonomikoa eman ez ezik, proposamenak ere eraman zituzten peñakideek Jai Batzordea elkartu zenean.
Bittor Roman San Fermin Peñako kidea da, eta baita Jai Batzordekoa ere. Adierazi duenez, lan astuna da jaiak antolatzea, proposamen eta ideia berriak lortzea, programa osatzea; eta, ondoren, pentsatutako guztia antolatzea eta martxan jartzea, «batez ere, gure aurrekontua eskasa delako, erakunde instituzionalek ez digute diru laguntzarik ematen, eta batez ere auzoko merkatariek laguntzen dute, besteak beste, iragarkiak erosiz, eta abar». Romanen hitzetan, «jaietako egitarauaren %70 urtero antzeko ekintzez eta ekitaldiez osatuta dago». Hala ere, ekitaldi eta jarduera berriak sortzen eta martxan jartzen saiatzen dira. Aurtengo berritasun nabarmenena Arrosadia Musutruk izango da.
Hala, San Fermin Peñak jaien egitaraua prestatzeaz gain, horretan parte hartzen du. Txikiendako buruhandiak antolatu dituzte, eta auzoan zehar ibiltzen dira korrika. Helduagoendako konpartsa badaukate peñakideek, eta horrekin festa giroa auzoko txoko txiki guztietara zabaltzen dute. Zanpantzarrak ere San Fermin Peñaren esku daude, eta, jai egunetan kaleratzen dituzte erakustaldi moduan. Romanek esan duenez, peña egun osoan auzokideentzat irekita dago, sarrera doan da, eta han giro ona izaten dela esan du. Jai egunetan bazkariak eta afariak ere eginen dituzte peñan, baina horiek peñakideentzat bakarrik dira.
Gaua iristen den ordurako ere jarduerak badituzte San Fermin Peñan. «Musika eta dantzaldia izanen dugu peñan, eta guztiak gonbidatuta daude gurekin ondo pasatzera», adierazi du Roman peñakideak. Esan duen moduan, gaupasa izanen dute han festa egun guztietan, jaiak guztiz aprobetxatzeko helburuarekin.